2018/02/15

COLPBOL JOLASA SOINKETAN

COLPBOL
GORPUTZ HEZKUNTZA


SARRERA

Gorputz-hezkuntzako irakasleak kezka eta arazo asko izaten ditu eskolan landu beharreko kiroletan. Aukeraketa ez da erraza izaten, kirol batzuek gure pedagogia-ikuspegia ez baitute asetzen. Izan ere, gaur egungo kirol askok lehiakortasuna eta bazterketa bultzatzen dute.

Colpbol-a hori saihesteko jaio da. Kirol horren sorreran alde pedagogikoak  garrantzi handia izan du. Aurkezten dugun lan honetan kirol hori ezagutarazten saiatuko gara. Kirol honek gure beharrei erantzun egokia emango dioelakoan aukeratu dugu.


HISTORIA

1997. urtean Juanjo Bendicho gorputz-hezkuntzako irakasleak asmatu zuen Colpbola. Haren  asmoa jolasaren oinarrizko helburu batzuk lantzea zen: hezkidetza, integrazioa, lankidetza, autoestimua, genero-berdintasuna eta ikasle guztien gozamena; Hori guztia kirol-jardueraren bitartez, eta azken finean, egiazko hezkuntza-ikuspegi batetik. Denbora gutxian, Copbolaren jakin-mina piztu zen inguruko maisu/maistra eta gorputz hezkuntzako profesionalen artean. Pixkanaka, ikastetxe, herri eta hezkuntza-maila askotan zabaltzen hasi zen.

90eko hamarkadaren bukaeran izan zuen bultzadarik handiena, “trobades del Colpbol”en sorrerarekin. Herrien eta ikastetxeen arteko txapelketak ziren horiek. Horrekin batera, Araudi Ofiziala sortu zen, jokoaren elementu nagusiak arautu zituena: arauak, kideak, aurkariak, baloia, zelaiaren ezaugarriak… Urtez urte parte hartzaileen kopuruak gora egin zuen. Eskoletan gorputz-hezkuntzako beste eduki baten moduan txertatzen joan zen gorakada horrekin batera.

2005. urtean Colpbolaren aurkezpen ofiziala izan zen; maisu eta gorputz hezkuntzako profesionalen, komunikabideen eta publikoaren aurrean. Valentziako Generalitatearen eta Valencia FC-ren  laguntza izan zuen. Hedabideetan agertu izana Valentziako erkidegoan jokoa zabaltzeko  bigarren bultzada izan zen.

 Ez dugu ahaztu behar Colpbolak valentziar konnotazioez beterik dagoela: Valentzian sortu, valentziar batek asmatu eta izena valentzieratik dator. Teknikak ere bertako jolas autoktono batekin, pilotarekin, lotura du.

Gaur egun gora egiten ari da Colpbolaren jarraitzaileen eta parte hartzaileen kopurua. Mugak gainditu, eta beste eskualde eta lurralde batzuetan indartzen ari da. Euskal Herrian ez du oihartzun handirik, baina eskoletan ari da pixkanaka presentzia hartzen, irakaslearentzat tresna egokia baita.


DEFINIZIOA

Colpbola inbasiozko talde kirola da. Zazpi neska-mutilek osatutako bi talde lehian aritzen dira eremu jakin batean. Azken xedea baloia, eskuekin jota, aurkarien atean sartzea da.

 Colpbolaren bi zutabeak dira lankidetza (kolpe bakarreko jokoa baita) eta hezkidetza (taldeak beti mistoak baitira). Colpbolaren oinarriak honako hauek dira:

Talde-izaera nabarmentzea

Colpbolak desberdintasunak leundu, eta talde-izaera indartzen du. Lankidetza bultzatzen du, eta beste kiroletako indibidualismoa apaltzen du.
Oinarrizko xede horretatik sortuko da Colpbola gainontzeko inbasio-kiroletatik bereizten duen araurik berezko eta funtsezkoena: pilota ezin da ez harrapatu ezta atxikitu ere, jo egin daiteke soilik; eta, batez ere, jokalari batek ezin du pilota bi aldiz jarraian jo.
Horrela, jokalari batek ezin du berak bakarrik jokoa sortu, bere taldekideen laguntza behar du.

Hezkidetza eta genero-berdintasuna. Integrazioa. Kirola guztiontzat.

Hezkidetza Colpbolaren zutabeetako bat da. Taldeak, beti, neskez eta mutilez osatuko dira, beraz elkarketa hori modu naturalean emango da.
Horrekin batera, integrazioa bultzatzen du, jokalari guztiek parte hartu behar dutelako gaitasun maila kontutan izan gabe (jokalari bakar baten joko ona ez da nahiko irabazteko, taldekide guztien laguntza beharko du helburua lortzeko).

Estereotipoak gainditzea.

Kirol honetan estereotipoak gainditzen dira, bai teknikoak baita jarrerazkoak ere. Errendimenduzko kiroletan ez bezala, Colpbolean ez dago kopiatzeko eredurik (jarrera desegokiak, keinu tekniko okerrak...); horrela jokalariek sormena erabiliko dute sortzen zaizkien arazoen aurrean.

Aukera-berdintasuna.

Kirol berria denez, parte hartzaile guztiek zerotik abiatzen dira. Ezagunak diren kiroletan sortzen diren desberdintasunak (aurretik dituzten jakintza edo praktikengatik) Colpbolean ez dira gertatzen, denentzat berria baita.

Arrakasta eta autoestimua.

Jokoan arrakasta motore asko izaten dira. Colpbola baloia jotzeko abilezian oinarritzen denez, eta abilezia hori denok berezkoa dugunez, ekintza arrakastatsuak ohikoak dira. Horrekin batera, arrakasta ez dute soilik gola sartzean lortzen, baizik eta, pase on bat egitean, defentsan baloia moztu edota aldentzean... Ekintza horiek guztiak modu egokian indartuz parte-hartzaileen autoestimua eta autokontzeptua handitzen da.


Bizitasuna

Oso dinamikoa da, jokalari guztien gozamena bermatu eta jarduera fisiko osoa eskaintzen die. Jokoaren dinamikan baloia ezin da atxikitu edo gelditu, horrela intentsitate maila handitzen da eta. Oso motibagarria da eta normalean praktikatzen dutenek eskola eremutik harago ere aritzen dira.

Aberastasun motorea

Motore aldetik oso kirol aberatsa da. Baloia airetik nahiz lurretik jotzeko aukera dagoenez, baloia jotzean oinarritutako keinu zein mugimendu tekniko askotarikoak ahalbidetzen ditu. Hori guztia, orokorrean, eskuekin egiten da, baina gorputzeko beste atalak  ere erabil daitezke, hala nola, besoak, burua edota gorputz-enborra. Beste oinarrizko trebetasun-motoreak ahaztu gabe: korrika egitea, jauziak, birak...

Erraztasuna. Aniztasunaren trataera

Arautegi ulerterraza da colpbolaren beste oinarrietako bat. Horrela, ulermen aldetik sor daitezkeen gatazkak ekidin eta gaztetxoen nahiz gizarte-egoera ahuleko taldeei edo behar bereziak dituzten pertsonei parte hartzeko aukera ematen die.


ARAU OROKORRAK

Colpbolaren trebetasun nagusia jokoaren muina baloia jotzea da. Baloia bakarrik jo daiteke eskuez, besoez edo gerritik gorako gorputz atalez. Gainera, jokalariak ezin du INOIZ baloia BI ALDIZ JARRAIAN jo (jokoaren oinarrizko araua ).

Debekatuta dago:

- Bi bider segidan jotzea.

- Hanka edo oinekin baloia nahita jotzea.

- Ukabila itxita baloia jotzea.

- Baloia bi eskuz edo batez atxikitzea edo jaurtitzea.

- Aurkaria heltzea edo bultzatzea.

- Sakeetan distantzia ez errespetatzea

• Arau-hauste horien ondorioa falta da: falta egin den lekutik hurbilen dagoen alboko marratik egin beharko du sakea beste taldeak.

• Atezainak  baloia hankaz jo dezake, baldin eta gola saihesteko bada.

• Segidan eskuz bitan edota hankaz jotzeari buruzko  arau berezia: epaileak erabakiko du kasuan kasu nahita edo nahi gabe egin diren. Nahita eginak izanez gero falta adieraziko du; eta nahi gabe izan bada, epaileak “jarraitu” oihukatuko du.

Sakeak:

- Faltak: alboko marratik aterako dira.

- Baloia albotik ateratzen bada: alboko sakea.

- Ate-eremuko marratik ateratzen bada: kornerra edo ateko sakea. Ateko sakea egitean, ateko eremuaren barnean gehienez atezaina eta jokalari bat egon daitezke.

- Erdiko sakea: gola sartzen denean.

- Epailearen sakea: norgehiagoka hastean, edo jokoa gelditu ondorenean.

Sake guztiak baloia joz  egiten dira, eta gainontzeko jokalari guztiak gutxienez hiru metrora kokatzen dira.

Beste arau batzuk:

  •  Ez dago penaltirik. Ate eremuaren barnean egindako faltak alboko marratik aterako dira.

  • Zelaia: jokorako lekua hogei metro zabal eta berrogei metro luze duen zelaia da. Alde bakoitzean hiru zutoinek osatutako ate bat dago. Zelaia bi zatitan banatzen da eta ateen aurrean area  bana dago.

  • Baloia:  baloia esferikoa da; plastikozkoa izan behar du eta gehienez 72 cm-ko zirkunferentzia bat izango du eta gutxienez  65 cm-koa.

  • Jokalari kopurua: zazpi jokalari (6 eta atezaina) zelai barruan. Taldeek mistoak izan behar dute. Taldea gehienez hamabi lagunek osatzen dute.

  •  Hemezortzi urtetik gorakoentzat partidak hogeita bost minutuko bi denbora ditu, eta denboren artean hamar minutuko atsedenaldia dago. Hamahiru eta hemezortzi urte bitartekoentzat  hogei minutuko bi denbora ditu. Zortzi eta hamabi urte bitartean hamabi minutuko bi denbora ditu. Azken bi kasu horietan bost minutuko atsedena dago.

  •  Parte hartzea derrigorrezkoa da. Gogotsu eta aktibo mantendu behar dugu jokoak irauten duen bitartean.

  •  Joko garbia erabiliko dugu beti, eta taldekideak, aurkakoak, epailea eta jokoaren arauak errespetatu.

  •  Indarkeriaren erabilera ez da onartzen.

  •  Alboko marrako sakeetan ezin da gola sartu. Aldiz, atezainak saketik zuzenean sar dezake gola.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat

CHUCHELANDIA

 En la clase de castellano en L.H.2 hemos escrito este cuento entre toda la clase. Despu├ęs del cuento hemos pintado la portada. A ver si os ...