COLPBOL
GORPUTZ HEZKUNTZA
SARRERA
Gorputz-hezkuntzako irakasleak kezka eta arazo asko
izaten ditu eskolan landu beharreko kiroletan. Aukeraketa ez da erraza izaten,
kirol batzuek gure pedagogia-ikuspegia ez baitute asetzen. Izan ere, gaur egungo
kirol askok lehiakortasuna eta bazterketa bultzatzen dute.
Colpbol-a hori saihesteko jaio da.
Kirol horren sorreran alde pedagogikoak
garrantzi handia izan du. Aurkezten dugun lan honetan kirol hori
ezagutarazten saiatuko gara. Kirol honek gure beharrei erantzun egokia emango
dioelakoan aukeratu dugu.
HISTORIA
1997. urtean Juanjo Bendicho gorputz-hezkuntzako
irakasleak asmatu zuen Colpbola. Haren
asmoa jolasaren oinarrizko helburu batzuk lantzea zen: hezkidetza,
integrazioa, lankidetza, autoestimua, genero-berdintasuna eta ikasle guztien
gozamena; Hori guztia kirol-jardueraren bitartez, eta azken finean, egiazko
hezkuntza-ikuspegi batetik. Denbora gutxian, Copbolaren jakin-mina piztu zen
inguruko maisu/maistra eta gorputz hezkuntzako profesionalen artean. Pixkanaka,
ikastetxe, herri eta hezkuntza-maila askotan zabaltzen hasi zen.
90eko hamarkadaren bukaeran izan zuen bultzadarik
handiena, “trobades del Colpbol”en sorrerarekin. Herrien eta ikastetxeen arteko
txapelketak ziren horiek. Horrekin batera, Araudi Ofiziala sortu zen, jokoaren
elementu nagusiak arautu zituena: arauak, kideak, aurkariak, baloia, zelaiaren
ezaugarriak… Urtez urte parte hartzaileen kopuruak gora egin zuen. Eskoletan
gorputz-hezkuntzako beste eduki baten moduan txertatzen joan zen gorakada
horrekin batera.
2005. urtean Colpbolaren aurkezpen ofiziala izan zen;
maisu eta gorputz hezkuntzako profesionalen, komunikabideen eta publikoaren
aurrean. Valentziako Generalitatearen eta Valencia FC-ren laguntza izan zuen. Hedabideetan agertu izana
Valentziako erkidegoan jokoa zabaltzeko
bigarren bultzada izan zen.
Ez dugu ahaztu
behar Colpbolak valentziar konnotazioez beterik dagoela: Valentzian sortu,
valentziar batek asmatu eta izena valentzieratik dator. Teknikak ere bertako
jolas autoktono batekin, pilotarekin, lotura du.
Gaur egun gora egiten ari da Colpbolaren jarraitzaileen
eta parte hartzaileen kopurua. Mugak gainditu, eta beste eskualde eta lurralde
batzuetan indartzen ari da. Euskal Herrian ez du oihartzun handirik, baina
eskoletan ari da pixkanaka presentzia hartzen, irakaslearentzat tresna egokia
baita.
DEFINIZIOA
Colpbola inbasiozko talde kirola da. Zazpi neska-mutilek osatutako bi talde lehian aritzen dira eremu jakin batean. Azken xedea baloia, eskuekin jota, aurkarien atean sartzea da.
Colpbolaren bi zutabeak dira lankidetza (kolpe bakarreko jokoa baita) eta hezkidetza (taldeak beti mistoak baitira). Colpbolaren oinarriak honako hauek dira:
Talde-izaera nabarmentzea
Colpbolak desberdintasunak
leundu, eta talde-izaera indartzen du. Lankidetza bultzatzen du, eta beste
kiroletako indibidualismoa apaltzen du.
Oinarrizko xede horretatik
sortuko da Colpbola gainontzeko inbasio-kiroletatik bereizten duen araurik
berezko eta funtsezkoena: pilota ezin da ez harrapatu ezta atxikitu ere, jo
egin daiteke soilik; eta, batez ere, jokalari batek ezin du pilota bi aldiz
jarraian jo.
Horrela, jokalari batek ezin du
berak bakarrik jokoa sortu, bere taldekideen laguntza behar du.
Hezkidetza eta genero-berdintasuna. Integrazioa. Kirola guztiontzat.
Hezkidetza Colpbolaren
zutabeetako bat da. Taldeak, beti, neskez eta mutilez osatuko dira, beraz
elkarketa hori modu naturalean emango da.
Horrekin batera, integrazioa
bultzatzen du, jokalari guztiek parte hartu behar dutelako gaitasun maila kontutan
izan gabe (jokalari bakar baten joko ona ez da nahiko irabazteko, taldekide
guztien laguntza beharko du helburua lortzeko).
Estereotipoak gainditzea.
Kirol honetan estereotipoak gainditzen
dira, bai teknikoak baita jarrerazkoak ere. Errendimenduzko kiroletan ez
bezala, Colpbolean ez dago kopiatzeko eredurik (jarrera desegokiak, keinu
tekniko okerrak...); horrela jokalariek sormena erabiliko dute sortzen zaizkien
arazoen aurrean.
Aukera-berdintasuna.
Kirol berria denez, parte
hartzaile guztiek zerotik abiatzen dira. Ezagunak diren kiroletan sortzen diren
desberdintasunak (aurretik dituzten jakintza edo praktikengatik) Colpbolean ez
dira gertatzen, denentzat berria baita.
Arrakasta eta autoestimua.
Jokoan arrakasta motore asko
izaten dira. Colpbola baloia jotzeko
abilezian oinarritzen denez, eta abilezia hori denok berezkoa dugunez, ekintza
arrakastatsuak ohikoak dira. Horrekin batera, arrakasta ez dute soilik gola
sartzean lortzen, baizik eta, pase on bat egitean, defentsan baloia moztu edota
aldentzean... Ekintza horiek guztiak modu egokian indartuz parte-hartzaileen
autoestimua eta autokontzeptua handitzen da.
Bizitasuna
Oso dinamikoa da, jokalari
guztien gozamena bermatu eta jarduera fisiko osoa eskaintzen die. Jokoaren
dinamikan baloia ezin da atxikitu edo gelditu, horrela intentsitate maila
handitzen da eta. Oso motibagarria da eta normalean praktikatzen dutenek eskola
eremutik harago ere aritzen dira.
Aberastasun motorea
Motore aldetik oso kirol
aberatsa da. Baloia airetik nahiz lurretik jotzeko aukera dagoenez, baloia
jotzean oinarritutako keinu zein mugimendu tekniko askotarikoak ahalbidetzen
ditu. Hori guztia, orokorrean, eskuekin egiten da, baina gorputzeko beste
atalak ere erabil daitezke, hala nola,
besoak, burua edota gorputz-enborra. Beste oinarrizko trebetasun-motoreak
ahaztu gabe: korrika egitea, jauziak, birak...
Erraztasuna. Aniztasunaren trataera
Arautegi ulerterraza da colpbolaren
beste oinarrietako bat. Horrela, ulermen aldetik sor daitezkeen gatazkak ekidin
eta gaztetxoen nahiz gizarte-egoera ahuleko taldeei edo behar bereziak dituzten
pertsonei parte hartzeko aukera ematen die.
ARAU
OROKORRAK
Colpbolaren trebetasun nagusia jokoaren muina baloia jotzea da. Baloia bakarrik jo daiteke eskuez, besoez edo gerritik gorako gorputz atalez. Gainera, jokalariak ezin du INOIZ baloia BI ALDIZ JARRAIAN jo (jokoaren oinarrizko araua ).
Debekatuta dago:
- Bi bider segidan jotzea.
- Hanka edo oinekin baloia nahita jotzea.
- Ukabila itxita baloia jotzea.
- Baloia bi eskuz edo batez atxikitzea edo jaurtitzea.
- Aurkaria heltzea edo bultzatzea.
- Sakeetan distantzia ez errespetatzea
• Arau-hauste horien ondorioa falta da: falta egin den lekutik hurbilen dagoen alboko marratik egin beharko du sakea beste taldeak.
• Atezainak baloia hankaz jo dezake, baldin eta gola saihesteko bada.
• Segidan eskuz bitan edota hankaz jotzeari buruzko arau berezia: epaileak erabakiko du kasuan kasu nahita edo nahi gabe egin diren. Nahita eginak izanez gero falta adieraziko du; eta nahi gabe izan bada, epaileak “jarraitu” oihukatuko du.
Sakeak:
- Faltak: alboko marratik aterako dira.
- Baloia albotik ateratzen bada: alboko sakea.
- Ate-eremuko marratik ateratzen bada: kornerra edo ateko sakea. Ateko sakea egitean, ateko eremuaren barnean gehienez atezaina eta jokalari bat egon daitezke.
- Erdiko sakea: gola sartzen denean.
- Epailearen sakea: norgehiagoka hastean, edo jokoa gelditu ondorenean.
Sake guztiak baloia joz egiten dira, eta gainontzeko jokalari guztiak gutxienez hiru metrora kokatzen dira.
Beste arau batzuk:
- Ez
dago penaltirik. Ate eremuaren barnean egindako faltak alboko marratik
aterako dira.
- Zelaia:
jokorako lekua hogei metro zabal eta berrogei metro luze duen zelaia da.
Alde bakoitzean hiru zutoinek osatutako ate bat dago. Zelaia bi zatitan
banatzen da eta ateen aurrean area
bana dago.
- Baloia:
baloia esferikoa da; plastikozkoa izan behar du eta gehienez 72 cm-ko
zirkunferentzia bat izango du eta gutxienez 65 cm-koa.
- Jokalari
kopurua: zazpi jokalari (6 eta atezaina) zelai barruan. Taldeek mistoak
izan behar dute. Taldea gehienez hamabi lagunek osatzen dute.
- Hemezortzi
urtetik gorakoentzat partidak hogeita bost minutuko bi denbora ditu, eta
denboren artean hamar minutuko atsedenaldia dago. Hamahiru eta hemezortzi
urte bitartekoentzat hogei minutuko
bi denbora ditu. Zortzi eta hamabi urte bitartean hamabi minutuko bi
denbora ditu. Azken bi kasu horietan bost minutuko atsedena dago.
- Parte
hartzea derrigorrezkoa da. Gogotsu eta aktibo mantendu behar dugu jokoak
irauten duen bitartean.
- Joko
garbia erabiliko dugu beti, eta taldekideak, aurkakoak, epailea eta
jokoaren arauak errespetatu.
- Indarkeriaren
erabilera ez da onartzen.
- Alboko
marrako sakeetan ezin da gola sartu. Aldiz, atezainak saketik zuzenean sar
dezake gola.